euLEX UZEIren datu-base lexikala da. 160.000 sarrera inguru ditu eta etengabe eguneratzen da. Sarrera horietatik 131.900 hiztegi-sarrerak dira.
euLEXek lexiko orokorra biltzen du nagusiki, eta terminologia orokorrena ere jasotzen du.
Lexiko orokorrak oinarrian Euskaltzaindiaren arauak ditu: Euskaltzaindiaren Hiztegia, EODAko pertsona- eta leku-izenak, eta gainerako arau orokorrak.
Horrez gain, UZEIren Sinonimoen Hiztegian, Orotariko Euskal Hiztegian, eta egungo corpusetan zein sarean dabiltzan ezinbesteko diren hainbat sarrera ere jasotzen dira.
Baina euLEXek ez ditu hiztegi-sarrera "onak" bakarrik biltzen. Onak bezain garrantzitsuak dira bigarren maila batean ematekoak ala baztertzekoak direnak, horiek detektatu eta erabilera zuzenera bideratzen baititu. 1.261 sarrerek dute "hobe" marka eta 17.328 sarrerek "erabil" marka. Marka horiek guztiak egunez egun berrikusten dira.
Terminoen erabilera aztertzeko asmoz, zenbait ikerketa burutu ditu UZEIk (IDITE, TEIS), eta zeregin horretarako behar zuen hiztegi terminologikoa aberastuz joan da: termino lehiakideak dituzten kontzeptuak landu dira bereziki, hau da, termino egoki (gomendatu) batekin batera, termino onartua edo baztertzeko terminoa biltzen dira.
Hauek dira Terminologia Batzordean erabakitako ponderazio-markak:
0. Baztertu beharreko terminoa (Terminologia Batzordeak onartzen ez duena)
1. Termino erabilia (aztertu gabea baina besterik ezean erabiltzen dena)
2. Termino proposatua (baina oraindik T. Batzordeak normalizatu gabea)
3. Termino onartua (baina ez lehenetsia, beste bat gomendatzen delako)
4. Termino normalizatua/gomendatua
Hiztegi terminologikoan hiru marka jasotzen dira bereziki: 0 (baztertzekoa), 3 (onartua) eta 4 (gomendatua). Oharra egitean, 0 ponderazio duenari "erabili" marka jartzen zaio, termino egokia zein den adieraziz; eta 3 ponderazioa duenari, "hobe" marka jartzen zaio. Dena dela, oharrak orientagarriak dira, eta idazleak edo testua lantzeko ardura duenak hartu beharko du erabaki zuzena.
2002an Terminologia Batzordea sortu zuen Eusko Jaurlaritzak Euskararen Aholku Batzordearen barnean. Hainbat hiztegi terminologiko aztertu eta normalizatu ditu dagoeneko. Batzorde honek egindako proposamenen arabera, hiztegi hau etengabe aberastuz joango da.